XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizkaieraren lekua Erreforman

Erreformearen asmo nagusia, hezkuntza-sistemea hobetzea da.

Honetarako, curriculum barri bat ezarri da eta irakas-ikas prozesuetarako jokabide barriak bultzatu gurarik dabil hezkuntza-administrazinoa era desbardinetan.

Honeetariko bat, PATen bitartez egiten dan lana.

Baina irakaslegoaren esku gelditzen da, halanda guztiz be, aginduzko curriculumaren egokitzea egitea baliabide egokiak aukeratzea eta erabiltea, ikastetxe, ingurugiro eta ikasle-talde bakotxaren ezaugarri bereziak kontutan hartuta.

Ezaugarriok baldintzatzen dabezalako ikasleen beharrizanak, interesak, gogoak eta motibazinoak.

Esandako aspektu honeek barrikuntza eta aurrera-pausu legez hartuko ditugu; hau da: batetik, egokitzapenak egitea eskatzen dala egoera zehatzak kontutan hartuz; eta bestetik, aginduzko curriculuma zehaztu egin beharko dala maila desbardinetan, baina baita egoera bakotxeko berezitasunak gogoan dirala.

Barrikuntza legez eta aurrera-pausu legez hartu behar doguz aginduok edo planteamentuok, gizartean desbardintasunak eta berezitasunak dagozala eta aintzat hartu behar dirala erakusten dabelako.

Berezitasunak edo dibersitatea egotea ez da kontenplatzen gauza kaltegarritzat, aberasgarritzat baino.

Baina nire asmoa ez da foro honetan Erreformea goitik behera jorratzea eta dakarskuzan barrikuntza guztiak aztertzea; hizkuntza arloko barrikuntzetara mugatuko naz eta batez be, planteamentu barri honetan Bizkaiko euskera-ereduaren kokagunea zein izango litzatekean ikustera.

Baina argitu gura neuke, halanda guztiz be, ez dogula hizkuntza arloko Curriculum osoa ikusiko, batetik ez leuskigulako astirik emongo, eta bestetik, azterketa sakonago bat eskatuko leukealako eginkizun horrek.

Halan da ze, atalik adierazgarrienak aztertuko ditugu eta honeen inguruan jardungo dogu.

Hezkuntza-Administrazinoak dinoskuna bizkaieraren ikuspegitik irakurten ahaleginduko naz.

Honen ganean modu zehatzean aitatzen dauana, argi aitatzen ez dauana baina aitzen emoten dauana, ezagutzen ahaleginduko gara, eta bide batez, nik neuk lehen esan deutsuedan moduan, gai honi buruzko neure eritxiak, zalantzak eta itaunak azalduko deutsuedaz.

Zer dinosku administrazinoak gai honen inguruan?

Euskerea eta Nortasuna

Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako Oinarrizko Curriculum Disenuan (1992, 44), Hizkuntz trataera paragrafoan (6.2.), hizkuntza-jokabideetarako proposamenak emoten ditu.

Bigarren printzipioak hara zer dinoan:

2. Hizkuntza gutxiengotarreko ikasleen irakaskuntza hizkuntza horren bidez egin behar da beren eskola-errendimendua berretu nahi bada.